Albisteak

 
Sodupeko azoka

Sodupeko Herriko Plazan bi egunez egindako Beherapenen V. Azokara 4.200 pertsona inguru bertaratu ziren. Joan den edizioan erregistratutako datuen aldean, bisitari-kopuruak behera egin du zertxobait.

"Gutxi gorabehera 4.200 pertsona igaro dira karpatik. Iazkoa baino kopuru txikiagoa da. Iaz 5.000 bisitari izan genituen. Egin duen hotzaren ondorioz, jende askok ez etortzea erabaki du" azaldu du elkarteko presidente Estibaliz Santistebanek.

Dena den, jende gutxiago etorri izanak ez du hain ondorio txarrik izan salmentetan: "oro har, aurtengo salmenta-kopurua iazkoaren parekoa izan da. Jende gutxiago hurbildu da, baina beste urte batzuetan bezainbeste saldu da. Merkatari gehienak pozik daude" nabarmendu du Santistebanek.

Bisitarien jatorriari dagokionez, gehienak Gueñes Kontzejukoak eta Enkarterri eskualdekoak izan dira. "Okendoko, Zorrotzako edo Santurtziko jendea espero genuen, beste batzuetan bezala; baina, hotza zela eta, jende gutxiago animatu zen kotxea hartzera" azpimarratu du Estíbaliz Santistebanek.

Oraingo honetan, Sodupeko Beherapenen Azokaren V. edizioan (Gueñesko Udalak laguntza ematen dio), orotara hainbat sektoretako 15 saltokik hartu dute parte: lurrinak, moda, oinetakoak eta apaingarriak, lentzeria, kosmetikoak, haurrentzako jokoak, opariak, okindegia, ile-apaindegia, estetika-zentroak, gozo-denda, etxetresna elektrikoak, optika, argazkilaritza, osagarriak eta albaitaritza-produktuak. "Beste edizio batzuetan parte hartu duten saltokien hutsunea nabaritu dugu, hain zuzen ere, krisiaren ondorioz saltokia itxi behar izan dutenena" esan du Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko presidenteak.