Albisteak

 

Herritarren Partaidetza eta Enplegua udal-arloaren bidez, estrategia bat abian jarri da enplegua sortzeko ekintza-plana garatze aldera, udalerriko langabezia-indizea murrizteko helburu nagusiarekin.

Hori gauzatzeko, beharrezkoak dira herritarren laguntza eta partaidetza; beraz, datorren asteartean, ekainaren 25ean, 20:00etatik aurrera, Sodupe Kultur Etxean informazio-bilera egingo da jarraitu beharreko estrategia azaltzeko eta parte hartzeko erabili ahalko diren bideen berri emateko. Horien bidez, lan-ildoak iradoki eta proposatu ahalko dira, baita ekintza- plan hau osatzeko burutu beharreko ekintzak ere.

Herritarrek komunikatzeko eta parte hartzeko honako bide hauek dituzte: relacionciudadana@guenes.info posta elektronikoa, guenes.info web orriko foroa, guenes.net weba eta gu.in aldizkari digitaleko facebook eta twitter gizarte-sareetako profilak, baita liburutegietan, Kultur Etxean, KirolGünen eta GazteGünen kokatutako postontzi berdeak ere.

Udal-ekimen hori udalerriko langabezia-indizea murrizteko helburuarekin bideratu da. Azpimarratzekoa da EAEko langabezia-tasa herritarren % 17koa dela. Bizkaiaren kasuan puntu bat igotzen da, % 18,10ekoa baita. Enkarterri eskualdean langabezia-tasa % 20,09koa da eta gure udalerrian % 19,4koa. Horrek esan nahi du 605 langabe daudela 6.470 biztanle dituen gure Kontzeju honetan.

Gure udalerrian langabezian dauden 605 lagunetatik, 273 gizonak dira eta 332 emakumeak. Beraz, Gueñesko gizonezkoen langabezia-indizea % 15,9koa da eta emakumezkoena % 23,6koa. Ia zazpi puntu altuagoa.

Gure udalerrian langabezia sexuaren arabera aztertzen badugu, 25 urtetik beherako 17 gizon langabe daudela ikusiko dugu, eta adin-tarte horretan bertan 24 emakume daude. 25 eta 44 urte bitarteko adin-tartean, lanik ez duten 144 gizon eta 182 emakume daude. Bestalde, 44 urte baino gehiagoko 112 gizon eta 124 emakume langabe daude. Ikus daitekeen moduan, adin-tarte guztietan emakumeak dira lan faltaren eragina gehien sumatzen dutenak.

Datu horiek guztiak aztertu eta Gueñesen Enplegua Sortzeko Ekintza Plana gauzatzerakoan kontuan hartuko dira. Lehenengo bilerara gonbidatuta zaude: datorren asteartean, ekainaren 25ean, 20:00etan Sodupe Kultur Etxean izango da

Informazio gehiago (PDF 323KB)