Albisteak

 

Gueñesko Udalak 70.000 eurorekin osatuko ditu Eusko Jaurlaritzatik Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako (GLL) jaso dituen 90.000 euroak.

Zenbateko hori joan den osoko bilkuran onetsi zen kreditu-aldaketatik dator; aldaketa horren xedea zen Udalaren diru-kutxako diruzaintzako gerakina esleitzea.

Era horretan, Udalak 160.000 euro izango ditu baliabide gutxi dituzten pertsonei lagundu ahal izateko; laguntza horien bitartez, etxebizitzaren mantentze-gastuak (argia, ura edo auzokideen komunitate-kuota), etxebizitzaren alokairua, hipoteka-kreditua, instalazioen konponketak, altzariak, etxetresna elektrikoak edo bestelako oinarrizko premiak ordaindu
ahal izango dituzte.

Udalak egingo duen 70.000 euroko ekarpen hori batez ere Eusko Jaurlaritzaren GLLak osatzeko erabiliko da, laguntza horiek behar dituzten pertsonek zorrik izan ez dezaten eta energia-pobreziaren ondorioak leundu ahal izan ditzaten.

“Beste edozeren gainetik, diru hori alokairua, hipoteka eta oinarrizko hornidurak (argindarra, gasa, ura) ez ordaintzetik eratorritako beharrizanik premiazkoenei erantzuteko erabiliko da”, azaldu du Imanol Zuluaga Gueñesko alkateak. Horrez gain, hau gehitu du: "Udalak egingo duen ahalegin ekonomiko horri esker, baliabide ekonomiko txikiak dituzten familien oinarrizko beharrak aseta daudela bermatu ahalko dugu, besteak
beste etxebizitza mantentzea eta energiaren zein gasaren hornidura."

Beste eskari eta gizarte-behar batzuk, besteak beste, oinarrizko elikagaiak, Elikagaien Bankuaren eta ElikaGüre udal-proiektuaren bitartez asetzen dira.

2017-2018 ikasturtean, Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako testuliburuak eta eskola-material didaktikoa erosteko laguntzak eskainiko ditu Udalak.

Eskola-laguntza horien zenbatekoa 9.000 eurokoa izango da. Eskaerak aurkezteko lehen eguna urriaren 2a, astelehena, izango da; azken eguna, berriz, urriaren 16a izango da.