Albisteak

 

Gueñesko Udalak abian jarri du ezohiko diru-laguntzen udal programa, Enkarterriko udalerri honetan enpresei eta merkataritza saltokiei zuzenduta, enplegua sustatze aldera.

Diru-laguntza hauek abian jartzeko, 100.000 €-ko partida aurreikusi da 2014ko udal aurrekontuetan, “Enpleguaren sustapena: Gueñesko Enplegu Plana” izeneko aurrekontu partidaren baitan.

Horrela, udal programa hau 2 ataletan banatuta dago. Lehenengoa, funts galdurako laguntzak emateko, zehazki, Gueñesko langabeei lan kontratuak egiteko, zehaztugabeak edo iraupen jakin batekoak, 3 hilabetetik gorakoak, eta bigarren atala auto-enpleguan datza. Bertan, laguntzak emango dira 2014. urtean udalerrian langabeek bultzaturiko enpresa proiektuak abian jartzeko.

Laguntza horiek eskuratu ahal izateko, pertsonak kontratatu nahi dituztenek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte. Hartara, kontratatu beharreko pertsonek Gueñes udalerrian erroldatuta egon beharko dute 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta Lanbide enplegu publikoaren zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta, gutxienez kontratazioa egin baino hilabete lehenago.
Gainera, kontratatuko den pertsonak ezin izango du diru-laguntza horiek jaso nahi dituen enpresako titularrarekin edo gehiengoa duten bazkideekin odolkidetasun edo ahaidetasun harremanik izan (bigarren mailara arte), ezta horiekin elkarbizitza unitate berbera osatu ere.

Bestalde, enpresa proiektu berrien sustatzaileek Gueñesen erroldatuta egon beharko dute 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa inskribatuta, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman aurretik. Beste baldintza bat izango da udalerrian antzeko jardueraren bat gauzatu ez izana urtebete eta erdiko epean, belaunaldien arteko erreleboa denean izan ezik.

Enpresa, merkataritza-saltoki eta profesional guztiek izango dute kontrataziorako laguntzetarako sarbidea, betiere egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta udalerriko pertsonak kontratatzen badituzte. Pertsona horiek ez dute menpekotasunik izango eta ez dute loturarik izango administrazio, entitate edo erakunde publikoekin.

Langabeen kasuan, itzuli behar ez den laguntza bat ezarri da, sortutako lanaldi osoko lanpostu berri bakoitzeko, lanpostuaren iraupenaren arabera: Kontratu mugagabeen kasuan, 3000 €; urtebeteko edo gehiagoko iraupena dutenen kasuan, 2000 €; eta aldi baterako kontratuen kasuan (hiru hilabete baino gehiago eta urtebete baino gutxiago), laguntza 1000 €-koa izango da. Zenbateko hori hainbatu egingo da, kontratuaren iraupenaren arabera.

Kontratu mugagabeetan, sortutako enplegua, gutxienez, bi urteko epean mantendu beharko da.

Laguntza horien bidez, asmoa da sustatzea gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dauden sektoreetan kontratuak sustatzea. Horrela, Lanbidek diru-sarreren errenta orokorraren hartzaile-kopurua dela-eta argitaratutako datuak ikusita eta langabe gisa agertzen diren emakumeen zein 45 urtetik gorakoen kopurua ikusita, Gueñesko Udalaren asmoa da kolektibo horiekiko diskriminazio positiboa egitea; hau da, kontratatutako pertsonak aipatu kolektibo horietakoren batekoak badira, 500 € gehiago emango ditu.

Aipatzekoa da laguntzak indarrean dauden epean pertsona berberarekin hainbat kontratu egin arren, ez dela jasoko inola ere 5.000 €-tik gorako laguntzarik.

Enpresak sortzen diren kasuetan, funts galdurako laguntza gehienez ere 3.000 €-koa izango da, sortzen diren enpresak martxan jartzeko gastuak eta egindako inbertsioak finantzatzeko, betiere egoitza sozial eta fiskala Gueñesen badute eta 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin bada.

Diru-laguntza hauetan aintzat hartzeko beste alderdi bat da bateragarriak direla kontzeptu berberak diruz laguntzen dituzten erakunde publiko edo pribatuen beste laguntza batzuekin.

Enplegua sustatzeko programan honetan interesa duten enpresa edo pertsonek ez dute zorrik izango Udalarekin, eta Gueñesko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte euren eskaerak, horiek BAOn argitaratu ondoren. Une horretatik aurrera, laguntzen eskaerak ebazteari ekingo diote eskaeren erregistroaren hurrenkerari zorrotz jarraikiz, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osatuta badago.

Gueñesko Udaleko Enplegua Informazio Batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, Behargintza-Enkarturrek baldintzen betetze-mailari buruzko txostena egin ondoren. Ondoren, Tokiko Gobernu Batzordeak ebatziko ditu laguntzak.

Besteren konturako kontratazioen kasuan, Udalak ordainketa bakarra egingo du aldi baterako kontratazioetan horiek amaitzen direnean, iraupena sei hilabete eta urtebete artekoa bada. Urtebete baino gehiagoko kontratuetan eta mugagabeetan, bi ordainketa egingo dira, erdia emandako laguntzen ebazpena onetsi ondoren eta beste erdia kontratua amaitzen denean.

Enpresak sortzeko laguntzak ordaintzekotan, lehenengo ordainketan 1.500 € ordainduko dira diru-laguntzaren eskaera onetsi ondoren, eta kopuru bereko beste ordainketa bat egingo da dagokion justifikazioa egin eta amaieran onetsi ondoren, jarduera abiarazten denetik urtebetera.

Ez da ahaztu behar 2014ko ekitaldi ekonomiko honetan eskatzaileen artean banatu beharreko gehienezko zenbatekoa 100.000 €-koa izango dela. Zenbateko hori aurtengorako onetsitako udal aurrekontuko “Enpleguaren sustapena: Gueñesko Enplegu Plana” partidaren kargura finantzatuko da.

Informazio gehiagorako, oinarriak kontsulta daitezke guenes.net eta guenes.info orrialdeetan.