Albisteak

Primer premio certamen vestidos de papel 

Oloteko (Girona) Roberta Petit diseinatzailea izan zen Gueñesko herrigunean irailaren 11n egin zen Paperezko Soinekoen Lehiaketa Internazionalaren irabazlea helduen kategorian, “Haití, con el dolor en el alma” diseinuari esker.

Emakumeentzako jantzia da, gorputzera egokitua. Eskote asimetrikoa du, hau da, sorbalda bakarrekoa eta bertan begizta apaingarria du. Behekoa puxika-gona da, alde batean irekita. Gainera, aurreko aldean paperezko gainjartzea du. Jantzia akuarelaz eta jasmin tez nahastutako ur-pinturaz dago margotuta. Ahozapien paper tiraz egindako eskulangintzazko trikordak ditu, Karibeko eta Afrikako irletan erabiltzen den saskigintza tradizionalaren teknikari jarraituta.

Helduen kategoriako bigarren saria Getxoko Emilia Cubillas Argos diseinatzaileak irabazi zuen “Dania” jantziari esker. Jantzi gorri laburra da, parpail tolesdun asimetrikoz egina eta purpura kolorezko lorez apaindua. Diseinua eskuz eta makinaz eginda dago eta buruko apaingarria, forratutako zapatak zein loreak ere baditu.

Hirugarren saria Gueñesko Mari Lolo Ruiz diseinatzailearen “Celeste” jantziarentzat izan zen. Egungo joerei jarraitzen dien bi piezako eta bi koloreko janzki asimetrikoa da. Berokiaren soinekogintzaren estiloa historikoa da, marfil kolorekoa eta neurrira egindako patroia du. Mahuketan zein sorbaldan gurutze-puntuzko brodatuak ditu. Apaingarriak eta erremateak bi koloreko kakorratzezkoak dira. Soinekoaren brodatuak ere gurutze-puntuzkoak dira eta txirikordan bildutako erremateak kate itxurakoak. Eskuz egindako soinekoa honako hauek osatzen dute: fantasia apaingarriak dituen kapela, apaingarri berberez forratutako zapatak, kakorratzez egindako belarritako eta eskumuturrekoa eta maskotak eramateko kakorratzezko kanpaza.

Haurren kategoriari dagokionez, lehenengo saria Gueñesko MariVi Merino diseinatzailearen “Aroma” soinekoarentzat izan zen. Lurringai bat osatzen duten esentzia leunetan oinarritzen da eskuz eta makinaz egindako diseinu hau. Goiko partea asimetrikoa da eta lorez zipriztinduta dago. Gona, ostera, puztuta dago eta hainbat koloretako irudiek osatzen dute.

Bigarren saria Gueñesen bertan geratu zen, Ainhoa Larrauri diseinatzailearen “Udaberri Alai” diseinuaren eskutik. Honek jantzia, jaka, zapatak eta osagarriak ditu eta paper-mantel beixez egindako diseinua da. Gainera, tonu urdineko eta gorriko lora irudiak ditu, eskuz margotuak. Jantziarekin batera, puntu arruntez egindako jaka ere aurkeztu zuen. Hori egiteko, eskuz egindako paper haria erabili da, 100 metro baino gehiago. Lore irudiak dituen bi apaingarri ere baditu.

Azkenik, hirugarren saria Gueñesko Sara Barrenetxearen “Sota de espadas” diseinuarentzat izan zen. Lodiera handiko paperez eginda dago tonu urdinetan, botak barne.

Helduen kategoriako Roberto Comas saria Gueñesko Marivi Merinok irabazi zuen “Diva” jantziaren bidez. Sirena itxurako jantzia da. Eskudelgintzazko ur-jauziak ditu eta gonaren kapak lore-hostoz eginda daude. Historia egin duten zinemako eta musikako musa handietan oinarritzen da diseinua eta eskuz eginda dago.

Haurren kategoriako Roberto Comas saria Gueñesko Olatz Larrauriri egokitu zitzaion “Pinpilinpauxa” jantziari esker. Paper-mantel morez egindako jantzia da. Eskuz jositako pinpilinpauxa berde gainjarriez dago apaindua eta jantziaren azpiko zatian barren berdea du. Eskuz eta makinaz josita dago, eta osotasunean kolorez betetako pinpilinpauxa da.

Diseinurik onenaren saria Murchanteko (Nafarroa) Laura Recarteren “Atardeciendo” diseinuarentzat izan zen. Akuarelazko paper zatitxoz egindako jantzia da eta hondartzan ikus daitekeen iluntzea irudikatzen du. Ohorezko hitzaren diseinua duen jantzia makinaz jositako oihal beix kolorekoa da.

Sariak

Helduen kategoria:

LEHENENGO SARIA: 1.200 euro.

BIGARREN SARIA: 600 euro.

HIRUGARREN SARIA: 300 euro.

Haurren kategoria:

LEHENENGO SARIA: 700 euro.

BIGARREN SARIA: 300 euro.

HIRUGARREN SARIA: 200 euro.

“Roberto comas” saria:

HELDUEN KATEGORIA: 300 euro.
HAURREN KATEGORIA: 200 euro.

Diseinurik onenaren saria: 1.000 euro.

Epaimahaikideak

Epaimahai burua Antonio Alvarado izan zen eta berarekin batera, Mercedes de Miguel, Trakabarrakako Olatz Eskiroz eta Itziar Ibargüen diseinatzaileak aritu ziren.

Lehiaketaren oinarriak

Edizio honetako oinarriei dagokienez, azpimarratzekoa da nahi duten guztiek har dezaketela parte. Horretarako, soilik paperez egindako eta eskuz ala makinaz jositako soinekoak aurkeztu beharko dituzte. Beraz, ezingo da kola edo antzekorik erabili.

Diseinuak ezingo dira paper plastifikatu edo metalizatu mota bakar batean ere egin. Apaingarriek eta osagarriek paperez eginak edo paperez forratuak izan beharko dute. Diseinuak erakargarriago egiteko, paperari kolorea eta distira emateko, margoak eta sprayak erabili ahal izango dira.

Azkenik, aurkeztutako soineko guztiek berriak izan beharko dute, hau da, ez dira izango beste lehiaketa edo antzekoren batean lehiatutakoak. 

Bi kategoria izango dira: helduen kategoria eta haurren kategoria (14 urte arte).

Lehiaketa egunean, epaimahaiak aintzat hartuko ditu moldea, jantzigintza, eskulana, orijinaltasuna eta diseinua.

Behin-behineko erakusketak

Arenatzarte eskulturen parkearen sarreran kristalezko eraikina dago eta horretan artearekin lotutako bilduma bikainak jartzen ditugu ikusgai. Kasu honetan, urriaren 10era arte, igandea, paperezko soinekoen lehiaketa honekin erlazionatutako erakusketaz gozatu ahal izango dugu. Izan ere, 2009. urteko edizioan irabazleak izan ziren soineko guztiak izango ditugu gozagarri, baina behin lehiaketa bukatutakoan, larunbatean, aurtengo lehiaketako irabazleek hartuko dute horien lekua. Erakusketa horretan, Ion Fiz euskal diseinatzaileak soilik paperez egin zuen jantzia egongo da. Diseinu hori pasa den urtean Cibesles ibilbideko “My way” desfilearen barruan sartu zuen.

Bestalde, ARENATZarte parkearen barru-barruko partean dagoen erakusketa-aretoan Noemí Gómez Posada artista madrildarrak “Diálogos… Papel y moda” erakusketa aurkeztuko digu.

Madrileko Noemí Gómez Posada artistak Gueñes udalerria aukeratu du bere obrari buruzko lehenengo erakusketa egiteko Euskadin. Eta udalerri hau aukeratu du, hain zuzen ere, bere artea Paperezko Soinekoen Lehiaketa Internazionalarekin eta honek duen tradizioarekin lotuta dagoelako.

“Diálogos… Papel y moda” izeneko erakusketa bikain honek hogeita hamar koadro ditu. Horietan, moda diseinu anitzak islatzeaz gain, artistak berak deskribatu digun bezala “modeloek papera lantzeko modu ugari eta askotarikoak islatzen dituzte; Origami teknika gogorarazten duen paper izurtua, paper zimurtua, tolestua, gardenak, paperezko gainjartzeak, hondakinez egindako piezak eta paper tankera ezberdinetako zatien josteak”.

Azkenik, azpimarratu behar dugu erakusketa hau oso berezia dela. Horretan, papera artea da, euskarria eta trajeak zein azken obra egiteko materia leuna.