Albisteak

 

Lau urte inguru jarduerarik gabe daraman Pastguren lantegi zaharraren 50 hektareatik gorako eremua ekainean erosiko du Albimas SL enpresak, salmenta zuzenaren bidez.

Albimas, SL-k eskainitako zenbatekoa 4,9 milioi eurokoa da, zergak aparte. Eskaintza horrekin batera, industria plan bat ere badago, eta horren arabera 60 lanpostu zuzen sortuko dira; besteak beste, egiturazko, zuzendaritza arloko eta eskulan zuzeneko lanpostuak, eta beste 230 zeharkako lanpostu ere sortuko ditu zonaldean eta inguru horretan, garai bateko Pastgurengo lurretan aurreikusitako jardueren ondorioz.

Horrela, “honako hau da ezarri den konpromisoa: aurreikusi da zuzeneko eta zeharkako 290 lanpostu sortzea inguruko jendearentzat datozen hiru urteotan” azaldu du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak, erosketa egiteko interesa zuen enpresaren ordezkariek informazio bileran jakinarazi zuten bezalaxe.

Albimas SL enpresak Gueñes eta Zalla udalerrien artean dagoen instalazioan gauzatu nahi duen jarduera hiru sektoreren baitan dago, baina euren artean lotura sinergikoak dituzte.

Jarduteko ildoak ezpalak eta egurrezko peiletak egitea eta biomasatik eta zelulosa hondakinetatik abiatuta energia berriztagarria sortzea -horretarako, peiatan datorren egurraren zati bat, zehazki, enborraren azala, energia sortzeko bioerregaiak lortzeko erabiliko da- eta biomasak baloratzeko parkea egitea dira. Azken horri dagokionez, biomasa duten industria hondakinak kudeatzeko eta oro har klima aldaketari aurre egiten laguntzen duten hondakinak kudeatzeko parkean datza. Xedea da Enkanterrin industria jarduera ezartzea bertako industria jatorria galdu gabe, eta, era berean, papergintzaren sektorea bezain ziklikoak ez diren beste merkatu batzuekiko jarduera ekonomikoaren bestelako ildoetara ere bideratzen joatea. “Industria planean dagoeneko aurreikusi zuten inguruko baso masa aprobetxatzea bere jarduerarako" zehaztu du Koldo Artarazek. Honako hau gaineratu du "gauzatuko den industria jardueraren filosofia eskualdean Enkarterri Green-en bidez abian jartzen ari den estrategiaren oso antzekoa da. Aipatu proiektuaren xedea da ingurumen iraunkortasunera eta babesera bideratuta eskualdean martxan jarriko diren ekintza sustatzaileak gauzatzea.”

Jarduteko hiru lerro horiei esker, Pastgurengo ekoizpen instalazioetako asko berrerabili ahal izango dira, gainerako instalazioak aprobetxatu ahal izateko ideia berrien zain. Horrela, instalazioan datozen hiru urteetarako proposatutako zenbait industria jardueratan aurreikusitako inbertsioa gutxi gorabehera 9,9 milioi eurokoa izango da. Aipatu inbertsioa beste 5 milioi euro areagotu daiteke ondorengo bi urteotan. 

“Komunikabideetan Enkarterriko enpresen itxiera hainbat urtetan atera ondoren, berriz ere albiste izatea lortu dugu, baina oraingoan kontrakoagatik, hau da, enpresa proiektu bat abian jartzeagatik. Proiektu horri esker, berriz ere indartuko da industria jarduera garai bateko Pastgurengo lurretan bertako enpresarien eskutik” azaldu du Koldo Artarazek, Güeñesko alkateak.

Albimas SL familiako enpresa taldearen baitan dagoen sozietatea da, eta duela ehun urte baino gehiago darama lanean egurraren sektorean. Jatorrian, ekoizpen jarduera Maderas Orúe SA sozietatearen eskutik abiarazi zen, eta berau arduratzen zen baso ustiaketaz eta egur-industriaz. Ondoren, egurrezko bilgarri berriak fabrikatzeari ekin zioten. Bezeroek egurrezko hondakinak erretiratzeko beharra zutenez, familiako taldeak erabaki zuen Palets del Valle SL sozietatea sortzea, egurrari eta paletei balioa emateko jarduera gauzatze aldera. Geroago, eta ikusita hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko beste jarduera bat gauzatzeko aukera zegoela, Palets del Valle SL-k bestelako hondakin ez arriskutsuei balioa emateari ekin zion; besteak beste, egurrari ez ezik, kartoiari, paperari eta plastikoari ere bai.

Pastguren SL-k ordainketa-etendura egoeran murgildu zen 2009ko urrian. Gaur egun, Pastguren enpresak hornitzaileen lehiaketan jarduten du, eta lehiaketako administratzaileak buru-belarri ari dira salmenta prozesuan, euren aktibo eta ukiezin guztiak baliatuz. Lau urte inguru darama jarduerarik gabe paper pasta ekoizten duen enpresak. Aipatu enpresa Gueñes eta Zalla udalerrien artean dago.

Bere industria eremuak leku pribilegiatuan daude, Bilbotik eta inguruko loturetatik oso gertu. Bertatik errepide nazionalaren sarera eta vasco aragonesa autopistara joan daiteke, eta portuetarako sarbidea ere badago. Iparraldeko albo batean Feve-ren geralekua dago. Sarbide zuzena du alboko bide baten bidez, eta iraganean lehengaiak hornitzeko erabili ohi zen. Beste alde batetik, Gaztela eta Leonerako zein Kantabriako hegoalderako irteera natural zuzenak ere baditu. Bada, kokaleku hori oso kontuan hartu du Albimas SL enpresa erosleak.