Hirigintza

 

2010eko urtarrilaren 9an, ostiralean, izandako osoko bilkuran Gueñesko Udalak aho batez onartu du EAJ, PSE, EA eta Aralarko udal ordezkarien botoekin, Gueñesko Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala egitea, Orbijanako industria sektorean.

Aldaketa horri esker, industrialde berri bat eraiki ahal izango da, eta honek udalerriaren garapen ekonomikoa bermatuko du.

Gueñesi ilusioa ekarriko dion proiektua da, 200.000 metro koadroko lurzoru industriala sortuko baita Kadaguako Korridorearen eskuinaldean, Bilborako norabidean. Bere kokapena dela eta, bide-komunikazio ezin hobea edukitzeaz gain, hiri inguruetan ez du ia inolako eraginik izango.

Horrek guztiak bultzada handia emango die lanpostuei eta jarduera ekonomikoei, eta eragina izango du nola Gueñes, Enkarterri eta Bizkaia osoko biztanleengan.

Esan beharra dago Enkarterrin guztira 30.000 biztanle inguru bizi direla eta hauek ez daudela toki guztietan berdin banatuta. Gehienak Balmaseda, Zalla eta Gueñes inguruan bizi dira, eta azkeneko bi udalerri hauetan dago jarduera industrialik handiena, Bizkaiko hiriburutik gertu eta ongi komunikatuta daudelako.

Orbijanan egingo den industrialdea datorren urtean hasiko da gauzatzen, eta egungo udal hirigintza plangintzak urbanizaezintzat jotzen duen lurzoruaren gainean egingo da. Beraz, honako prozesu hau aurreikusita dago: hirigintza kudeaketa 2009an zehar bukatzea, hurrengo urtean obrak egitea eta 2011n funtzionatzen hastea.

Orbijanako etorkizuneko industrialdearen deskripzioa

Eremu industrial hau udalerriaren mendebaldeko muturrean dago, erdigunearen hego-mendebaldean. Gueñes erdigunetik gertu dagoenez, oinez joan ahal izango da.

Industrialde berria muino batean egingo da. Feveko trenbideak eta Bilbotik Balmasedara zihoan lehengo errepideak banatzen dute hirigunetik. Horrenbestez, Kadaguako Korridoreak bitan zatitzen du; oztopo hori autobidearekin batera eraikitako zubiari esker gaindituko da.

Horregatik aurreikusten da etorkizuneko industrialdea erabat horizontalak diren plataformen bidez ordenatzea. Plataforma horiek maila desberdinetan egongo dira, eta ondoko plataformetan dauden pabilioiak teilakatu egingo dira horri esker. Plataforma horiek maniobrak egiteko toki zabalak izango dituzte, jarduerak errazago garatu ahal izateko.

Industrialdea Kadagua Korridoreko irteera eta sarrerako gunetik gertu dago, Zalla ondoan, eta lehengo Papelerara sarbidearen aurrean konexioa egiteko aukera izango du; ondorioz, oso kokapen egokia da.

Horrela, bada, industrialderako sarbidea Kadagua Korridoreak Zallako mugaren ondoan duen loturaren ingurutik egingo da; horretarako, biribilgune berri bat eraikiko da Paper lantegirako sarrera nagusiaren aurrean, lehengo Bilbo-Balmaseda errepidetik.

Industrialdera joateko sarbidea 600 metro inguru izango da biribilgune horretatik biribilgune berri batera; biribilgune berri honek eremu horretako gaur egungo errepidearekin bat egingo du.

Hori oinarri hartuta finkatuko dira bide nagusiak, beti ere, oraingo bidea abiapuntua izanik, hortik intengo baita uztai moduko bide bat eta beherago dauden beste bide batzuk, zaku-hondo itxuran,.

Bi bide horiek 4na metroko bi errei izango dituzte, eta albo bakoitzean 2 metroko espaloiak.

Partzelen konfigurazioa:

  • Sektore berriaren osoko azalera ……..……… 204.000 metro koadro.
  • Industria eraikinen okupazioa ………………. 60.000 metro koadro.
  • Hornid. Tertziarioko eraik. okupazioa….…… 10.000 metro koadro.
  • Egoitzazko partzela pribatua ………………… 4.900 metro koadro.
  • Bideak + eremu berdeak eta espazio libreak... 129.100 metro koadro·

Gueñesko hirigunetik gertuen dagoen eremuan zenbait partzela proiektatu dira hornikuntzarako; egoitzazko eremu bat ere aurreikusten da, obra hauen ondorioz erasandakoak bertako etxebizitzetan birkokatu ahal izateko.

Gehieneko eraikigarritasuna 0,50 m2/m2 izango da irabazizko erabileretarako, eta kopuru hori sektoreko azalera gordinari ezarriko zaio, tokiko hornikuntzen eraikinak kontuan hartu gabe.

Proiektu honi esker, Gueñes enplegua eta aberastasuna sortzen duen udalerri bihurtuko da; egun dituen 100.000 metro koadro inguruko lurzoru industrialari gehituko zaio oraingo industrialde berri hau; beraz, etorkizuneko Orbijanako industrialde honek gaur egun industriarako dagoen azaleraren bikoitza izango du.

Dokumentazioa