Arenatzarte

 

Paperezko Soinekoen Lehiaketa honek berrogeita hamar urte baino gehiago ditu, nahiz eta ezin den ziur jakin, ez baitago lehenengo edizioari buruzko data zehatzik. Nolanahi ere, lehenengo erreferentziak 1958. urtekoak dira. Paperezko Soinekoen Lehiaketa beti ospatu izan da Gueñeseko La Cruz jaietan, irailean.

Hasiera-hasieratik egon da lehiaketa joskintzari loturik, eta parte-hartzaileak jostunak edo zaleak izan dira; izan ere, ez da inoiz onartu ez itsastea, ez grapatzea, ez eta jostea ez zen beste sistemarik ere.

Lehiaketa garatuz joan da eta gaur egun ARENATZarte eskultura-parkean egiten da, antzinako pergola baten erdian jarritako karpa handian. Lehiaketari urtero ikuskizun ezberdin batek ematen dio hasiera eta horren ondoren, joskintza gogoko dutenek, diseinu ikasleek edota etorkizunean diseinatzaile handi izan nahi dutenek paperez soilik egindako artelanen desfilea egiten da.

60ko eta 70eko hamarkaden artean lehiaketak parte-hartzaile kopururik handiena lortu zuen; baina, azken hamarkadetan krisialdia izan zuen oso parte-hartzaile gutxi aurkezten baitziren.

Umeentzako soinekoak

Nolanahi ere, 2005ean lehiaketa berpiztu egin zen. El Corte Inglesekin lankidetzan, aurreko edizioetan aurkeztutako paperezko soinekoen erakusketa antolatu zen. Gainera, Roberto Comas diseinatzaile eta erakusleiho-apaintzaileak egindako hainbat soineko jarri ziren ikusgai. Lehiaketa egunean, Mollerussako (Lleida) Paperezko Soinekoen Museoko hainbat jantzi erabili ziren desfilerako.

Azkenik, “Soineko. Güeñesko Paper – Jantzien Lagunartea” osatu zen tradizioa gorde eta sustatze aldera. Elkartearen emaitzak ikusita, argi dago ongi baino hobeto ari direla lan hori betetzen.

2006an, dinamika berri horri jarraiki, “Modaren papera historian zehar” erakusketako paperezko hainbat jantzi ekarri ziren lehenengo aldiz. Erakusketa hori 2007. urtean ere antolatu zen, bestelako modelo batzuk erakusteko. 2008an “Balenciaga, maisulanak” izeneko erakusketa ezezaguna aurkeztu zen. Erakusketa horiek guztiak Roberto Comas zenak antolatu zituen. 2009an hildako diseinatzaile horri omenaldia egin nahi izan zitzaion, eta "¡Viva Las Vegas!" fantasia-bilduma aurkeztu zen. Era berean, beste atal batean Pombaleko Markesa bere hiru gortesauekin irudikatzen zuen Comasen lana ere aurkeztu zen. Erakusketa guztiak lehiaketaren osagarri izan ziren.

Helduentzako soinekoak

Gaur egun, lehiaketa La Cruz jaietan, larunbatean, egiten da. Arratsaldean, parte-hartzaileek euren proposamenak aurkezten dizkiote epaimahaiari eta lan guztiak zehatz aztertu ondoren, puntuazioa ematen dute jantzigintza, artisau-lana, originaltasuna eta diseinua aintzat hartuta. Diseinu guztiak balioetsi ostean, epaimahaiak irabazleak zein diren erabakitzen dute.

Gauean, parte hartzen duten diseinuen desfilea egiten da karpan, bertan biltzen diren mila ikusle baino gehiagoren aurrean. Desfilearen aurretik ikuskizun bat izaten da, eta ondoren, modeloak desfilatuko dira paperezko jantziak soinean dituztela, lehenik haurren kategoriakoak eta jarraian helduen kategoriakoak.

Bi kategorietako parte hartzaile guztiak desfilatu ondoren eta epaimahaiaren erabakia jakinarazi aurretik, lehiaketatik kanpo eta “Paperezko moda” atalean izen handiko zenbait diseinatzaileren modeloak aurkezten dira, besteak beste, María Clé, Mercedes de Miguel, Beatriz F.L., Ion Fiz, Itziar Ibargüen diseinatzaile gaztea edo Antonio Alvarado.

Oinarriak eta Sariak

Edizioak