Arenatzarte

 

Gueñesko eskulturen parkeak, ARENATZartek, eta sorkuntza arlo ezberdinetako artistek bat egin dute, eta eskultura, musika eta dantza uztartzen dituen kultura proiektu berritzailea jarri dute abian.

Dantza y eskultura

ESMUDAN izeneko ekimen berri horrek batu egiten ditu, batetik, Xabat Lertxundi musikariaren, Uzuri Nieto dantzari eta koreografoaren eta Mikel Lertxundi eskultorearen sentsibilitatea, sormena eta artea, eta, bestetik, ARENATZarte parkeak berezkoa duen edertasuna eta parkeko eskulturen edertasuna.

Proiektu berria diziplinartekoa esku-hartze esperimental gisa planteatzen da. Proiektu horretan bat egiten dute hiru arte-diziplinak: eskultura, musika eta dantza. Horrela, Gueñesko ARENATZarte eskulturen parkean Mikel Lertxundik ikusgai jarri duen Natura eta oreka erakusketaren inguruan egingo dute lan Xabat Lertxundi musikariak eta Uzuri Nieto dantzari eta koreografoak. Ariketa esperimentala da, gelditasunaren eta mugimenduaren kontzeptuen inguruan hausnartzen duena, eta parkeko eskultura multzoaren itxurazko geldotasunarekin, lasaitasunarekin eta mugimendu bihurtutako musikarekin jokatzen duena. Talde artistikoaren hitzetan: "Batzuetan itxurak engainatu egiten du, eta, nahiz eta askotan hautemanezina izan, dena ari da etengabe mugitzen eta eraldatzen”.

Proiektuaren amaierako emaitza ikus-entzunezko euskarrian iritsiko zaio ikusleari, komunikabideen eta zenbait arte- eta sustapen-ekintzen bidez.

PROIEKTUAREN DESKRIPZIOA

Camerak grabatzen

ARENATZarten jarri diren Mikel Lertxundiren eskulturek parte-hartzera eta beraiek ukitzera dei egiten dutela dirudi; Naturari so egitea eta gure Naturak beraiei so egitea eragin nahi dute, eta horixe da hain zuzen ere proiektu berri horren abiapuntua. Proiektuaren sustatzaileen helburua da Gueñesko ARENATZarte parkean gozatzen dugun artearen eta naturaren arteko komunikazioa areagotzea eta aberastea.

Proiektu horren bidez, orain arte eskultura gisa egindako ikus-arteak parkea ustekabean hartuko du beste arte-diziplina birekin (musika eta dantza) batera.

Musikariak eta dantzariak Gueñesko ARENATZarte eskulturen parkean Mikel Lertxundik jarri duen Natura eta oreka erakusketaren inguruan egingo dute lan. Musikariak erakusketaren soinu-banda konposatuko du, eta dantzariak forma eta mugimendua emango dizkio eskulturek eta parkeak osatzen duten eszenatokian bertan.

Horrela, arlo ezberdinetako hiru artistek euren sentsibilitatea, sormena eta artea batuko dituzte, arte-diziplina ezberdinek batera eman dezaten fruitu Naturari egindako gorazarrean. Natura eta oreka erakusketa egin ahal izateko, ESKULTOREAK materiak gordeta zuen forma askatu eta ingurunearekin batu duen bezalaxe, MUSIKARIAK kanporarazi egingo ditu eskultura horiek barnean dituzten musika notak eta parkean birsortzen duten giroa. Musika notak borborka aterako dira burdinaren ertzetatik, harri-lerroetatik edo egurraren biribilguneetatik, eta, sentipenen erritmoaren bidez, airean zabalduko den melodia osatuko dute, zuhaitzen adarretan kulunkatuz. Melodia ikuslearenganaino iritsiko da belarri zein begien bidez, dantza bitarteko dela. DANTZARIA musika horren gorputz hartzaile eta transmititzaile izango da, eta berak eramango du ikuslea materiaren itxura irmo eta estetikoak gordetzen duen bizitzaren parte izatera, dantza eta mugimendua bihurtutako sentimendu horien sentipenaren eta interpretazioaren bidez.

Agerraldia

Sei izango dira musika-konposizioak eta bakoitzak minutu eta erdi eta minutu biren artean iraungo du.

Ikuskizuna edo eszenaratzea argazki eta ikus-entzunezko euskarrian jasoko da komunikabideetan eta arte- eta sustapen-ekintzetan hedatzeko.

Natura eta oreka

AURREKARIAK

Gueñesko ARENATZarte parkean jarri duen Natura eta oreka erakusketarekin Mikel Lertxundik lekua eta obra sendotu nahi izan ditu, bai eta elkarren osagarri izatea ere. Naturaren eta artearen arteko komunikazioa bilatu nahi izan du, armonia eta oreka begi-bistakoak izan daitezen.

Eta halaxe izan da: erakusketaren agertokia den eskulturen parkea, balio botanikoa eta estetikoa direla eta, oso ederra da berez. Ondorioz, Lertxundiren obrarako toki ezin hobea da, eta aldi berean, artelanak parkearen natura-espazioari bizitza ematen dio. Hori dela eta, esku-hartzeko unean, Lertxundik arreta handia jarri dio erakusketa integragarria izateari, espazio eta kultura garaile izan daitezen eta bakoitzak bere onena eman dezan.

Erakusketa honetan argi islatzen den bezala, Lertxundiren eskulturen ildoak gutxieneko formen estetikari jarraitzen dio, ahalik eta iradokizun eta hausnarketa gehienak sarrarazteko. Erabiltzen dituen forma latz eta irmoak haratago joateko zirikatzaileak dira, azalean ez geratzeko eta bizitza ematen dien muineraino heltze aldera materiaren barruan sartzeko.

Parkearen lur-azpitik azaleratzen direla ematen duten eskulturek elkarrizketa eta parte hartzea bilatzen dituzte, eta ikusmenarekin zein ukimenarekin ikuskatzera eta ukitzera gonbidatzen gaituzte. Bolumen horiek elkartu edo taldekatu egiten dira eta ingurunera zabaltzen dira eta beraiek ere osatzen duten Naturari so egiten diote, guk osatzen dugun Naturak so egin diezaien.