Arenatzarte

 

Mikel Lertxundiren “Bakoitzari berea / A cada cual lo suyo” eskultura ARENATZarteren ondare artistikoa izatera pasatu da. Lurretik azaleratzen diren hiru bolumen totemikoko triptikoa da eta material bakoitzak bere ekarpena egiten die gainontzekoei, nork bere izaera galdu gabe. Elkarrizketa eta harmonia bizia irudikatzen dute hirurek, protagonismoagatik borrokarik egin gabe. Gainera, eskulturak badu berezitasun bat: aipatutako materialek ez ezik, urak, aireak eta suak ere parte hartzen dute bertan; izan ere, elementu hauek ere bere obran txertatuz joan da artista azken hamarkadetan.

Bakoitzari berea lana

Kasu honetan, elementu hauek kolore eta argiaren bitartez irudikatzen dira. Batzuek goizez eta beste batzuek gauez, ura, airea eta sua irudikatzen dituzte, materia-bolumenei eman zaizkien hutsuneetatik.

Beraz, materia eta elementuen artean autoreak ikusten duen loturari jarraiki, kolore eta argi urdinak harrian dagoen ura islatzen du, kolore eta argi horiak egurrean zehar mugitzen den airea eta, azkenik, kolore eta argi gorri-laranjak burdinan bihurritzen den sua.