Arenatzarte

 

2009ko uztailean aldi baterako bigarren erakusketa izan dugu ikusgai, Mikel Lertxundik ingurune honetarako espresuki egin duen “Natura eta oreka / Naturaleza y equilibrio” lana, hain zuzen ere.

Erakusketaren aurkezpena

Ibilbide artistikoko hiru hamarkadotan, Mikel Lertxundi eskultoreak landu eta garatutako balioen zein kontzeptuen ildorik garrantzitsuenak eta esanguratsuenak azaldu nahi ditu “Natura eta oreka / Naturaleza y equilibrio” erakusketak. Gainera, hona ekarritako lanek bokazio didaktiko nabaria dute, eta horrek bat egiten du 2007. urtearen bukaeran Gueñesko eskultura parkea sortu genuenean aldarrikatutako izaera didaktiko nahiz dinamizatzailearekin.

Erakusketaren agertokia den ARENATZarte parkea, balio botanikoa eta estetikoa direla eta, oso ederra da berez. Ondorioz, Lertxundiren obrarako toki ezin hobea da, eta aldi berean, artelanak parkearen natura-espazioari bizitza ematen dio.

Mikel Lertxundiren lana

Erakusketa honekin tokiak eta artelanak elkarri bultzada ematea eta elkarren osagarri izatea nahi dugu. Horrela, artea eta natura biltzen dituen irudi eredugarria emango duen sinbiosia lortuko dugu eta harmonia zein oreka begi-bistan izango ditugu.

Bestalde, aipatu behar dugu “Natura eta oreka / Naturaleza y equilibrio” erakusketak baduela aurrekari garrantzitsu eta nabaria Mikel Lertxundik 2006an Ziortzako monasterioan “Orekaren bila / En busca del equilibrio” izenarekin egin zuen artelanean.

Erakusketaren deskripzioa

“Natura eta oreka / Naturaleza y equilibrio” erakusketak Gueñesko eskultura parkera ekarri digu toki honetarako apropos egindako eskultura-multzoa. Izan ere, lanak parkerako diseinatuak izan dira. Horretarako, artistak bere arte-sorkuntzara ondoen moldatzen diren bazterrak aztertu eta miatu ditu. Beraz, artelanak parkean txertatu nahi izan ditugu guztiz, espazioak eta eskulturak bat egin dezaten eta horietako bakoitzak bere onena eman dezan.

Erakusketa bi ataletan banatu daiteke: kanpoko erakusketa eta kanpokoaren osagarri den barrukoa.

Mikel Lertxundiren artelana

Kanpoan jarri diren eskulturarik gehienak nolabait urte hauetan guztietan eskultorearen orekaren bilaketa islatzen duten hainbat ideiatan oinarritu dira. Ideiok bilaketaren urratsak eta aurkikuntzak adierazten dituzte. Horrela nahi izan du Mikel Lertxundik.

Kanpoko erakusketa hau tamaina handiko sei eskulturak edo eskultura-multzok osatzen dute, eta guztiak daude eginda Lertxundiren eskulturan ohikoak diren materialez, hain zuzen ere, harriz, egurrez eta burdinaz.

Eskultura hauek argiro erakusten dute mundua ikusteko eta natura interpretatzeko artistak duen modu berezia. Izan ere, Mikel natura horren parte izateaz gain, horren balioen bozeramaile edo transmititzailea ere bada.

Natura behatoki aproposa da, bai eta jarraitu beharreko gidarik eta eredurik onena ere. Natura antzematean eta sentitzean oinarritzen da batez ere artistaren sorkuntza-prozesua. Eta prozesu horren emaitza dira oso ezberdinak diren harriz, egurrez eta burdinaz egin dituen artelanak. Gainera, funtsezko eta oinarrizko elementu horiek osatzen dute gure bizilekua den lurra.

Mikel Lertxundiren artelanak

Lertxundiren eskulturan hiru material horiek forma eta posizio zehatzak nahiz identitate eta ezaugarri bereziak dituzte. Gehienbat, bat-egitea, harmonia eta osagarritasuna iradokitzen dituzte.

Orekaren etengabeko bilaketarako eskultoreak izan duen sorkuntza eta ikerketa prozesuko hainbat faseri dagozkie erakusketako eskulturak. Azken batez, eskulturok gutxieneko formen estetika lortu nahi dute, ahalik eta iradokizun eta hausnarketa gehien eransteko.

Bestalde, ura, airea eta sua bezalako elementu espazialek ere garrantzi handia dute Lertxundiren eskulturan. Oreka miatze eta bilatze horretan, naturak eskaintzen digun agertokia behatu du artistak; harriak, egurrak eta burdinak, hitz batean esanda, lurrak urari, aireari eta suari ematen diena. Eta ikusi du aireak lurraren espazio zabala biltzen duela eta urak zein suak lurraren barne eta kanpoaldea hartzen dutela. Are garrantzitsuagoa dena, hirurak dira lurraren mantenuan eta prozesu berritzailean oinarrizko bultzatzaileak.

Hortik aurrera eta harriaren, egurraren zein budinaren arteko erlazioan oinarrituta, mugimendua, sonoritatea, magia eta misterioa gehitu dizkio naturari eskaini nahi dion eskultura-poesiari. Horrela, argiro esan dezakegu elementuek espiritualtasuna iradoki eta, era berean, materialarekin batera doan alderdirik immaterialena erakusten digutela.

Mikel Lertxundi artelana 1

Azken emaitza partaidetzarako eskultura-multzoa da, ikusmenarekin eta ukimenarekin gozatzera gonbidatzen gaituena.

Formatu handiko eskultura horiekin batera, ARENATZarte parkearen erakusketa-aretoan dauden tamaina ertain eta txikiko beste hamazazpi artelanez gozatu ahal izango du bisitariak. Kanpoan jarritakoen ildo berberari jarraitzen dioten eskulturek, irudiek eta argazkiren batek eskultorearen sorkuntza-prozesua adierazten dute, eta posible bada, beste espazio dimentsio bat eskaintzen dute.