Berdintasuna

 

Ekintza

2017ko ekainean, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateak oniritzia eman zion Artzentales, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta eta Turtzioz udalerrietarako egin zen Emakumeen eta Gizonen II. Berdintasun Planari.

Planean ezarritako ekintzen barruan, genero-indarkeria desagerrarazteko neurrien atalean, herritarrentzako postontzia ezartzea dago: postontziaren bidez, udalerriotan emakumeentzat larriak edo arriskutsuak izan litezkeen puntuak ezabatzeko proposamenak jasoko dira.
Horretarako, Mankomunitateak sarbidea gaituko du www.enkarterri.eus webgunean, herritar guztiek egin ahal izateko ekarpenak eta adierazi ahal izateko zer iritzi duten euren udalerrian larritzat edo arriskutsutzat jotzen dituten guneei buruz, horrela gune horiek identifikatu eta ondoren ezabatu ahal izateko. Era berean, Berdintasun Planarekin bat egin duten udaletako edozeinen webgunetik ere sartu ahal izango da postontzi horretara, baita fisikoki ere, Mankomunitatearen egoitzan kokatutako postontzi baten bitartez (Inmaculada kalea 15, 48850 Aranguren- Zalla).

Genero-ikuspegiaren eta emakumeen parte-hartze aktiboaren bitartez soilik lortu ahal izango da pertsona bakoitzaren errealitatera egokitutako hirigintza egitea, behar guztiak kontuan hartuz. Hirigintza inklusiboak eremuaren demokratizazioa dakar eta, gainera, eragina du pertsonen arteko harremanetan. Bestelako begirada bati –emakumezkoen begiradari– bide ematen dio, eta herritar guztiek inguruneko eremu guztiak baliatzeko aukera berberak izatea da kontua; eremuok beharrizan guztietara egokituta egon daitezela, eta segurtasunaren pertzepzioak ez dezala eraginik izan mugimendu-askatasunean. Termino horrek, besteak beste, gizarte-kohesioa, bizikidetza, parte-hartzea, segurtasuna, gogobetetzea, estetika eta irisgarritasuna biltzen ditu.

Helburua

Pertsonak ondo egotea euren ingurune fisikoan, seguru egotea, gizarte-ekipamenduak egokiak izatea, aisialdiko eta jolaserako eremuak bidezko moduan banatzea; azken batean, gure udalerri eta herrietako antolamenduak erantzun egokia ematea gizon eta emakumeen premia desberdinei. Mankomunitatearen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Planean jasotako helburuak dira horiek guztiak.

Besteak beste, udalerriko segurtasuna aztertuko da; hain zuzen ere, emakumeen segurtasunarekin lotutako alderdi kontuzkoenak identifikatuko dira. Horretarako, zuek inkesta honi erantzunez parte hartzea eta ekarpenak egitea nahi dugu.

Dena delako arrazoiengatik –adibidez, argi gutxi dagoelako, leku bakartia delako, gaizki egokituta edo zikina dagoelako, etab.– zuen udalerrian arriskutsuak iruditzen zaizkizuen guneak identifikatzea da kontua: kaleak, plazak, igarobideak, eskailerak eta abar.

  • Zabaltzen
  • Faktura elektronikoa
  • Enkarterri
  • Enkartur
  • BFA DFB
  • Garbiker
  • Bizkaia.eu