Euskara zerbitzua

Aspaldi galdu zen euskara Enkarterrian. Hala ere, Eskualdeko ikastetxe, euskaltegi eta euskara maite dutenei esker, apurka-apurka, gehiago dira euskara dakitenak eta mundu euskaldunarekin harreman estua dutenak. Hori dela eta, 1998. urtean, Enkarterriko Udal Mankomunitateak HIZKUNTZA NORMALKUNTZA SAILA (euskara zerbitzua) sortu zuen; zegoen egoera bideratzeko eta euskara sustatzeko.

Zerbitzu horren helburu nagusia da gizartean euskararen presentzia bermatzea, eguneroko hizkuntza izan dadin. Dena dela, goian aipatutakoa kontuan harturik, zerbitzu honek bi xede izango ditu hurrengo urteotan:

  • Herritar euskaldunen kopurua areagotzea.
  • Herritar euskaldunei hainbat zerbitzu eskaintzea euskaraz bizi daitezen.
  • Helburu horiek lortzeko, zerbitzu honek lan egin beharko du hurrengo bi arloetan:
    • Udaletan eta mankomunitatean.
    • Udalerrietan.

UDALAK ETA MANKOMUNITATEA:

Udalerri mankomunatuetan euskara plana osatzea eta martxan jartzea (Administrazioko langileak euskalduntzea eta prestakuntza eskaintzea euskara zerbitzuko hizkuntza izan dadin).

Udaleko idazkiak elebidunak izan daitezela eskatzea.

Hizkuntza ingurunea euskalduntzea.

UDALERRIAK:

Ikastetxeekin batera lan egitea ikasleek euskara erabiltzeko aukera izan dezaten, ez bakarrik eskola orduetan , aisialdian ere (ikastaroak, jokoak eta euskal kantak, tailerrak, ipuinak, bertsoak…).

Euskaltegiekin batera euskarazko ikastaroak eskaintzea helduak euskalduntzeko. Espazioak sortzea euskara dakiten helduek erabil dezaten edo euskaltegi zein euskara-taldeekin batera euskaraz egin dezaten ("Berba lagun" proiektua). Euskara sustatzeko jarduerak antolatzea (Euskararen eguna).

Familia arteko transmisioa bermatzeko kanpainak burutzea ("Niri euskaraz" proiektua, umezaintzen lan-poltsa).

Euskararako espazioa sortzea aisialdian (Ludoteka mugikorra, joko-tailerra, udaleku irekiak, begirale ikastaroak gazte euskaldunentzat).

Jarduerak sortzen jarraitzea edo dauden jarduerak indartzea, Euskal Herriko kultura eta ohiturak ezagutarazteko, kultura-gelekin edo kultura-sustatzaileekin batera lan eginez.

Merkataritza zein ostalaritza munduan urratsak ematen hastea, hizkuntza-ingurune barruan zein kanpoan euskararen presentzia bermatzeko (merkataritza euskaldunak identifikatzea, merkatariei doako itzulpen zerbitzua eskaintzea).  

 

Udal Euskaltegia