Elika-Güre

Gueñes Kontzejuko Udalak, Enkarterriko Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen bidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzak emandako funtsen bidez.

Ekarpen horrez gain, urtero “Familientzako laguntzak” izeneko beste partida propio bat egoten da udal-aurrekontuan. Partida hori Udalaren GLLetara bideratu ohi da, hau da, Eusko Jaurlaritzaren GLLetarako betekizunak betetzen ez dituzten arren, gizarte-laguntzaileen irizpideen arabera berehalako laguntza behar duten kasu zehatzak artatzeko aparteko laguntzetara.

Bestalde, Enkarterriko Mankomunitatearen bidez, Elikagaien Bankua kudeatzen da eta horrek janaria banatzen du lau hilez behin. Banaketa horien osagarri da Gueñesko Elikagaien Bankua. Bizkaiko Elikagaien Bankuak sustatzen du, eta Mendi Ona Kultur Elkarteak kudeatu.

Elikagaien banaketa Mankomunitateko gizarte-langileek eginiko familia edo pertsona onuradunen zerrendari jarraikiz egiten da. Mankomunitateko Elikagaien Bankuan zein Gueñesko Elikagaien Bankuan ez dago produktu freskorik, hala nola frutarik, barazkirik, arrainik edo haragirik, ezta familiaren eta etxearen higienerako oinarrizko produkturik eta farmaziako produkturik ere.

Gabezia horiei erantzuteko, 2014an Elika - Güre gizarte-proiektua jarri zen abian. Proiektu horren helburua da herritarrei eta familiei behar adinako baliabideak ematea oinarrizko behar horiek asetzeko, hots, produktu freskoak, familiako eta etxeko higienerako oinarrizko produktuak eta farmaziako produktuak erosteko.

Ordutik, urtean 240 familia baino gehiagori ematen diegu arreta, batez beste.

Elika - Güre proiektuaren prozedura zeharkakoa da: Gizarte Ekintza Arlotik hasi eta udal-erakunde osoak hartzen du parte, modu eraginkor eta efikazean kudea dadin. Horri esker, ahalik eta baliabide gehien ekartzen dira eta hartzaileei azkar eta modu egokian helarazten zaizkie, antzemandako beharrei erantzun diezaieten.

Laguntzak emateko eta horien erabilera kontrolatzeko prozedura:

  1. Udalak bermatu egingo du Gueñesko herritarrek duten elikadurarako eta oinarrizko higienerako eskubidea, osasunerako eta bizitza duinerako eskubidearen barnean.
  2. Udalak eskubide hori bermatuko die baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonei eta familiei. Horretarako, diru-ekarpenak egingo dira, elikagai-produktu galkorrak, norberaren higienerako eta etxerako produktuak eta Osakidetzak ordaintzen ez dituen farmaziako produktuak erosteko.
  3. Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuek artatuko dituzte mota horietako produktuak lehenengo aldiz eskatzen dituzten pertsonak. Egoeraren balorazio ekonomikoa egingo dute, diru kopuru jakin bat esleitzeko. Udaleko Diruzaintzak emango dio ondoren dirua eskatzaileari, aurrez aurre edo Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen bidez.
    Kasu larrietarako prozedura hau izango da, Enkarterriko Mankomunitateak ezarrita daukan moduan: aldez aurreko hitzordua eskatzeko telefono-zenbakira deitu eta bertan berehalako erantzuna emango zaie. Bestela, gizarte-laguntzaileen bulegoan jasoko dute arreta hitzorduen artean, edo, aurrekoa posible ez bada, Mankomunitatearen egoitzan bertan.
  4. Hilean behin, gizarte-langileek Gueñesko Elikagaien Bankuko onuradunen zerrenda egitearekin batera, Elika-Güre programako onuradunen zerrenda ere egingo dute. Bertan, esleitzen zaien diru kopurua (eskudirutan) adieraziko da, baita, hala badagokio, diru horren lehentasunezko erabilera ere: elikadura, higienea, osasuna.
    Zerrenda hori, Gizarte Ekintza Informazio Batzordeko buruak oniritzia eman ondoren, Udaleko Kontu Hartzailetzak ikuskatuko du, berau gauzatzeko behar den kreditua atxikitze aldera.
  5. Zerrenda hori indarrean dagoen hilean premiazko eta geroraezineko beharrizanen bat sortuz gero, gizarte-laguntzaileek jakinaraziko diete Gizarte Ekintza Informazio Batzordeko buruari eta Udaleko Kontu Hartzailetzari, eta azken horrek proposatutako gasturako aurrekontu-erabilgarritasunaren berri emango du eta Diruzaintzari helaraziko dio, gauza dadin.
  6. Hilean behin, hilaren 25a baino lehen eta onuradunen zerrenda berriaren proposamena egin aurretik, beharrezkoa izango da egindako gastuen ziurtagiriak aurkeztea. Xede horretarako, udal-bulegoetan dauden iradokizunetarako postontzietan utzi beharko dituzte ziurtagiri horiek, gutun-azal itxian, Gizarte Ekintza Sailari zuzenduta. Gutun-azalean, atzealdean, onuradunaren izena adierazi beharko da.
  7. Udaleko Kontu Hartzailetzak ziurtagiri horiei buruzko txostena egingo du gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta gizarte-langileei eta Arloko buruari igorriko die posta elektronikoaren bidez. Era berean, jatorrizko txostena eta ziurtagiriak utziko dituzte Udaleko Gizarte Ekintzaren karpetan.
  8. Jasotako zenbatekoa ez justifikatzeak mota horretako laguntzarik jaso ezin izatea ekarriko du, zehazki, laguntza hori dagokion hilabetea amaitu ondorengo sei hilabeteetan. Gizarte-langileek, Gizarte Ekintza Informazio Batzordeko buruak oniritzia eman ondoren, behar bezala justifikatzea eragotzi duten salbuespenezko egoerak daudela ezarri ahal izango dute, baita laguntzak mailakatu edota horien baliogabetzea alde batera utzi ere.
  9. Emandako diruarekin egindako erosketa guztiak Gueñes Kontzejuko saltokietan egin beharko dira.
  10. Konfidentzialtasun-arrazoiak tarteko, Gizarte Ekintza Informazio Batzordean onuradunen zerrenda izenik gabe aurkeztuko da, eta bertan adieraziko dira dagozkien zenbakiak, emandako zenbatekoa eta justifikatutako zenbatekoa. Onuradunen zerrenda osoa Udaleko Gizarte Ekintza Arloko espediente irekian egongo da, eta Informazio Batzordeko kideek ikusi ahal izango dute, betiere egokitzat jotzen badute.
  11. Oro har, honako hauek dira laguntzak emateko irizpideak:
    • Inolako diru-sarrerarik ez izatea edo DSBEren hartzailea izatea, baina errenta hori gastuei aurre egiteko nahikoa ez izatea.
    • Diru-sarrerak izatea, baina arrazoi ezberdinak tarteko, horiek nahikoak ez izatea.
    • Salbuespenezko kasuak, betiere gizarte-langileek aldez aurretik baloratu badituzte.
    • Ikasle adingabeak, opor garaian.
    Arestian zerrendatutako egoera horiek guztiak gizarte-langileek egiaztatu beharko dituzte. Horretarako, laguntzak esleitzeko txosten-proposamena egingo dute.
  12. Onuradunen zerrendak hilero egingo dira. Beraz, laguntza bat jasotzeak ez du esan nahi gerora ere laguntzak jasoko direnik.
  • Zabaltzen
  • Faktura elektronikoa
  • Enkarterri
  • Enkartur
  • BFA DFB
  • Garbiker
  • Bizkaia.eu